XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ARAMAIO-KO EGUNA

Napal bezalatsuko herri bat ikusi beharko ote ginuen Araba-xoko hartan, Irailaren bortzean?.

Baigorri-Aldude iduriko mendi bidetan iragan-ondoan, jautsi gare Aramaioko ibarrerat.

Aramaio edo Aramaiona ez da herri bakar bat, bainan mendi-mazeletan barreiatuak diren herri batzuen multzoa.

Erdikoari erraiten zaio Ibarra eta hor zuen igande hartan Eskual-zaindiak bere bilkura.

Herriko etxea, aspaldiko etxe ikusgarri bat.

Orai mende bat, hor atxikia zuten preso Santa Cruz apez famatua eta hortik ihes egin zuen, Aramaioko ur handirat; han egon baitzen, egun osoa urean leporaino sartua, eta han ere botu egin baitzuen Jainkoari: osorik ateratzen bazen hortik, gerla bururatzean, misionest eginen zela.

Egun etzen Karlisten gerla ez eta bertze gerlarik aipu; egun eskuararen goresteko bilduak ginen.

Gazte eta xaharrak bazabiltzan goizetik guri begira eta agurka, Goikoetxea musikari handiaren izena duen herriko plazan.

Hamarretan Meza nausia ginuen.

Meza emaileak, Erretoraren bi aldetarik, aita Ulibarren eta aita Akesolo bi karmeldarrak, aita Villasante Arantzazukoa, aita Baztarrika Eztibalitzekoa, aita Iratzeder Belokekoa eta Aramaioko lehengo Erretor bat 36-an Ameriketarat joana eta lehen aldikotz zer pozarekin! eskuarazko meza emaiten zuena.

Sabin Salaberri aramaiotar apeza zen kantarien buru; bainan eliza mukurru-bete hortan nor etzen kantari? kantu geienak hemengoak berak zituzten, salmoetarik hartuak, bainan zer bozarekin eta zer karrarekin emanak!.

Napaleko hezurrak pizterainoko kantu errepikak bazirela Aramaion!.

Jaun Erretora beroki mintzatu zen: Eskuarari esker behar zutela denek Aramaion gero ta geiago gizontasun eta batasun.

Fededunen otoitza, Aita Iratzederrek eman du eta denek errepika: Jauna guretzat on izan (ber).